Iazko urtean erori zen Cesare Paveseren jaiotegunaren mendeurrena.
Berari buruzko lan hauek askoz lehenago eginda bazeuden ere, ospakizun horren kariaz ezagutu zuen argia erdi batek, Cesare Pavese. Azken poesia izenburupean. Orain doana lan harren bigarren erdia da.
Aurrenekoan aurkitzen dira italiarraren azken poesiaren itzulpena eta poesia hori aztertzen zuen lehen parte bat. Hemen doana, beraz, haren jarraipena da hein handi batean, baina badu bereizgarririk horratik, poesia ez ezik, haren bizipenak eta konpromezuak ere, haren aztura eta beligerantzia ere, jartzen direlako bertan kinkan, horiek bere literaturan eta saiakerazko lanetan utzi zuten oihartzuna gorabehera.
Itaiar idazle honen ekarpenak aintza handia lortu zuen bere garaian, Italian bertan Strega Sariaren merezidun izan zenez, bere buruaz beste egin baino lehentxoago; eta Italiatik kanpora, garai haietan bizi zen egoerak erraztuta eskuarki, baita Euskalerrian ere. Nola edo hala, bere obran geratu da islatuta joan den mendeko gertaera istilutsuen erdian irabiatu ziren mugimendu, ideia eta pentsamoldeen oihartzuna; bere obra, beraz, mende horretara hulbiltzeko aukera paregabea da, eta, alaber, buru argi batek haien inguruan egin zituen gogoeta baliotsuak ezagutzeko bidea da. Bere idazlanetan murgildu ala ez murgildu, puri-purian diren arazoak eztabaidatzen dira Paveseren lana abiapuntu duen entsegu honetan.