UTRIUSQUE VASCONIAE argitaletxeak bere zortzi urteko ibilaldian hirurogei liburu inguru argitaratu ditu eta hamar sail desberdin bideratu. Bilduma polita ari da metatzen, kontuan hartzen bada euskal liburuaren merkatu-zirkuitua irakaskuntzako bezeria gatibura zuzendua dagoela eta euskal pentsamendu akademikoaren gizarteratzeak kudeatzaile militanteen baliabide mugatuekin konformatu behar izaten duela.
Euskal liburugintzak bere hutsunerik nabarmenena produkzio akademikoaren gizarteratzean zeukalako, hain zuzen, Euskal Herriarekin zerikusi zuzena edo zeharkakoa duten ekarpen interesgarri eta garrantzitsuenak argitaratzen saiatzen da. Euskal kulturaren mailan eta herri-dinamikaren gurpilari benetanĀ eragin diezaiokeen zerbait berri dakarten liburuak argitaratzen jarraituko du, giza eta gizarte-zientzien esparruan diziplina jakin bati dagozkion saioak, bereziki. Aurrekoari hertsiki loturik datorren bigarren ezaugarri bat ere badu argitaletxe honek, eta da pentsamenduaren unibertsoa bertako testuingurutik begiratuta eta, nagusiki, euskararen mundutik abiatuta gogoematea duela.
Gizarteratzen den produktua, bistakoa denez, berezia da, espezializatua eta, ondorioz, merkatu-zirkuitu laburrekoa. Orri hau irekitzean, bada, urrats bat areago eman nahi izan da, irakurle interesatuak argitaletxe honen liburuak errazago eskura ditzan eta, aldi berean, bezeroek eta idazleek bertan beren ahotsa izan dezaten. Seguru gaude horrela jokatuz gero, batera egindako bidea emankorragoa gertatuko dela.